Basaburuaren bihotzean : Ernaizu Kooperatiba

30. junio 2014 | Por | Categoria: Creación de Empresas, Noticias
CompártenosEmail this to someoneTweet about this on TwitterShare on LinkedInShare on Facebook

argazkiak 623

Orain dela hiru urte kooperatiba berri batek, Ernaizu izenekoa, Jauntsaratsen, Basaburuaren bihotzean, Denda-Ostatu bat sortu zuen, gure herrietako ohitura zaharra jarraituz. Beraiekin beren proiektuan sakontzeko elkarrizketatu izan dugu.

 -2011 urtean Ernaizu, Kooperatiba bezala, jaio zen, zer nolako arrazoiek pauso hau ematera bultzatu zintuzten?

Gure zonaldean azken urteotan iharduera ekonomikoak, izugarrizko gainbera izan du. Ondorioz, herriak hustutzen ari ziren, Udalaren ahaleginari esker inertzia hori aldatzen ari da eta jende dexente etorri da bizitzera, halere, kanpora atera behar izaten dugu bai lanera baita hainbat zerbitzuetaz baliatzeko ere. Helburuetako bat, ditugun behar horiek ahal den neurria geure haranak dituen errekurtsotaz baliatuz asetzea da eta era berean lanpostuak sortu.

Gure ekimena hainbat ardatzetan sustengatzen da (inguru eta kulturarekiko errespetua, familia, aisialdia eta lanaren bateragarritasuna besteak beste) horregatik langile kooperatiba izateaz gain, gizarte ekimeneko kooperatiba gara. Zentzu honetak laguntza handia jaso dugu ANELetik, formarik egokiena aukeratzeko orduan. Kooperatibak dituen berezitasun legalak asko dira eta arlo honetan arituak direnen laguntza ezinbestekoa izan da. Pertsonen ongizatea lehenesten duten entrepresak beharrezkoak dira gizarte honetan eta arlo horretan paper handia jokatzen du ANELek Nafarroan.

APEZTEGIBERRIKO DENDA-OSTATUA, aukera ezin hobea zen horrelako ideiari forma emateko, haranak behar zuen zerbitzu bati erantzun eta era berean lanpostuak sortzeaz gain, Kooperatiba sortu eta kontsolidatzeko bidea eman digu.

2011ko iraila 001

-Bizitza proiektua osatzen saiatzen diren pertsonei aproposa iruditzen al zaizue eredu kooperatiboan aritzea?

Landa eremuetan behintzat, orain dela gutxi arte pisu handia izan duen “famili-ekonomia”ren ordezkoa izan daiteke. Gizartea aldatu da eta jadanik ez gaude prest lanaldi amaigabeak egiteko “etxeko “ negozioari eusteko.

Abeltzaintzak eta basogintzak paper garrantzitsua jokatzen zuten zonalde honetan, era berean, ostalaritzak ere bere tokia izan du beti, “Ekonomia familiarra” delakoak eusten zion eredu honi eta gehienetan hainbat familiakideren lana, emakumezkoena gehien bat, aitortu gabeko lana izan da, azpiko ekonomian. Elkarlanean aritzeko kapazak gara, indarrak batuz denek irabazten dugu, geure burua eta besteekiko errespetuaren orekan dago gakoa.

argazkiak zorionak 048

-Zer nolako hutsune betegabeak somatu duzue Basaburuan ? Besteek arazoak ikusten zituzten egoeran zuek oportunitateak aurkitu dituzuela erran diguzue askotan…

 Azken urtetan lan handia egin da haranean, esan bezala, biztanle kopurua dexente igo da azken 10 urteetan eta Udalak herriarekin batera egindako hainbat dinamikei esker, oinarrizko hainbat zerbitzu sortzen ari dira. Azken denda itxi zenetik (10 bat urte) edozein erosketa egiteko 15kmko bataz beste mugitu behar izaten genuen. Bestalde, zerbitzu gehienak daude JAUNTSARATSen (eskola, polikiroldegia, farmazia, osasunetxea, Udala, gazteen lokala…), haranaren erdigune soziala da, beraz, taberna bat beharrezkoa zen, haranaren kohesioa eta giroa bultzatzeko.

-Eguneroko lana eta bizitza familiarra nola pentsatu duzue konpondu?

Gure proiektuak dituen ardatzetako bat lana, familia eta aisialdia uztartzeko bideak erreztea da. Gure lanaldiak malguak eta aldagarriak dira norberaren beharren arabera. Honetarako prestutasun handia behar da. Argi dugu “gaur nigatik eta bihar zugatik” filosofia. 8 lagunen artean gutxi gora behera 6 lanaldi egiten ditugu. Hilabetez hilabete antolatzen dugu egutegia eta halere aldaketa dexente egiten ditugu beharren arabera. Uste dugu gizarte honek dituen bizitzaren zaintza beharrei geure aportazio txikia egin diogula eta era berean gure seme-alaben beharrei erantzuteko aukera dugu. Denak emakumezkoak gara, hala suertatu da, seguraski lanpostu mota honetan aritzeko gizonezkoak orokorrean ez dute beren burua ikusten, halere, guk zaintza guztiei dagokigula uste dugu.

argazkiak3

 -Apeztegiberriko Denda-Ostatuaren berezitasuna zertan datza? Zer nolako zerbitzuak eskeintzen dituzue? Badirudi haraneko gune soziokulturala bilakatu dela…

Denda, taberna, jatetxea eta kafetegiaren funtzioak betetzen ditugu. “ultramarinos” txiki bat da, ogia, papertegia, drogería, elikagaiak, bertako produktuak, menaje eta ferretería pixka bat. Tabernan ordea, otorduak, edariak, pintxoak eta talde handiek bestetarako janaria enkargatzen digute. Denda-tabernaren formula ez da orain asmatu, herrietan halako asko ziren orain dela 50 urte. Hainbat abantaila ditu, batetik, errentagarritasuna, lokal berean bi iharduera uztartzean merkexeago ateteratzen da azpiegitura eta ordutegi zabalago bat izan dezakegu, astelehenetik igandera irekitzen dugu 9etatik 8,30ak arte eta ostiral eta larunbatetan ordu biak arte. Bestalde, hainbat uneetan langile bakarrak biak atenditzen ahal ditu. Halere, garrantzitsuena gure ustez, formula honek ematen duen bizitasuna da. Oso lokal anitza da gazteak, helduak, haurrak, langileak, turistak, txirrindulariak eta erosketa “etxeko zapatiletan” egiten ari diren gizon-emakumeak, une berea elkartzen ahal dira, oso xelebre eta aberatsa da giroa. Herri desberdinen arteko jendek topo egin eta gustora egoten dira.

argazkiak2

Comments are closed.